Arriagatarren arbola
Belaunaldiz belaunaldi luzatu den Arriaga Euskal Artisautzak 75 urte bete ditu aurten; urte horiek guztiak gogoratu eta aro berri bati hasiera emateko ospakizuna egin dute.

Errepublikanoak batzen ziren taberna erosi zuen Enrique Arriagak, eta bertan, ardandegia, sukaldea, tailerra eta bizartegia ipini zituen. Bizargin beharrean bezeroen kontuak entzun eta ezkontzeko gogoa zuten gizon eta emakumeak batu ahal zirela pentsatu zuen. Horrela, altzari denda bat zabaldu zuen, eta ezkontzagin hasi zen. Ez zuen komisiorik eskatzen, baina bikotea ezkontzera ailegatzen bazen, altzariak bere dendan erostea eskatzen zien.
Enrique Arriagak altzarien salerosketagaz zabaldutako bideak 75 urte bete ditu aurten. Arriaga, euskal altzariak egiten dituen artisau familia da, eta 75 urtean artisau tradizionalaren ideologia bizirik gorde dute. Jose Maria Arriaga, Enrique Arriagaren semea, erreferente izan da horretan. Bere espezialitatea kaxa edo kutxak dira, eskuz zizelkatuta eta jatorrizko materialekin eginda, bakoitza bere ikutu pertsonalagaz.
Lehenengo kutxa
16 urtegaz hasi zen tailerrean beharrean Jose Maria Arriaga, eta 35 urte egiteko zegoela egin zuen bere lehenengo kutxa. Kutxa zahar bat erosi zuen Berriatuan, eta antzinako euskal artisauen sinboloekin zizelkatu zuen. Eredu horregaz jarraitu du beti. Eguzkia, ilargia eta zelta sinbologia erabili ditu, beste sinbolo batzuen artean. Ideiak jauregi eta etxe handietan zeuden altzarietatik atera ditu, eta argazkiak atera, artxibatu eta eredu horiekin kutxa zaharrak zizelkatzen joan da. «30 urtean asko ikasi dut liburu eta antzinako dokumentazioan begiratuta», aitortu du Jose Maria Arriagak.
Enrique Arriaga erretiratu zenean jarri zen Jose Maria Arriaga antzinako altzari dendaren arduradun, eta ordutik aurrera, denbora gehiago eman zion kutxak zizelkatzeari. Horretaz gainera, azokaz azoka bere lana ezagutzera emateari ekin zion. «1971. urtean joan nintzen nire lehenengo azokara, Bilbora», gogoratzen du. Zeregin horretan, emaztea eta seme biak eduki ditu lagun. Hirurak joan dira Bizkaia eta Gipuzkoan egiten diren hainbat azoketara.
1999an, Faduran egindakoa izan zen Jose Maria Arriagarentzat azken azoka. Erretiratu egiten zela eta, omenaldia egin zioten, euskal artisautzaren eta euskal tradizioaren zabaltzaile izateagatik.
Fadurakoa, baina, ez da izan Jose Maria Arriagak jasotako sari bakarra. Iaz, Atertsu Saria, Euskal Herriko Artisautza Saria, jaso zuen Durangon, bere bizi guztiko beharra gogoan hartuta. «Artisautzatik balio bat joan da, baina beste sustrai batzuk utzi ditu bere lekua ordezkatzen», esan zuten ekitaldian. Sustrai horiek Jose Pablo eta Henrike Arriaga dira, Jose Mariaren semeak.
Zizelkatzetik haratago
Aitarengandik ikasi dute seme biek zizelkatzen. Baina hortik haratago ikusten zuen bere burua Jose Pablo Arriagak, eta Barakaldora joan zen ebanisteria ikastera. Gero, Arte Ederrak ikasi zuen Eskozian, eta 26 urte zituela, etxeko negozioa hartu, eta tradizioa alde batera utzi barik, altzarien kontzeptu gaurkotuago bati zabaldu zizkion ateak.
Jose Pablo Arriagak kontzeptu biak uztartu ditu, altzari funtzional eta artistikoa sortuz, eta nahasketa horregaz altzari modernoa lortzen du. Pieza guztiak bakarrak dira, eta ezaugarri berezia daukate: erabilgarritasuna eta kutsu sinbolikoa bateratzea, egilearen sentimenduak agertuz.
Altzariez gain, eskulturak ere egiten ditu Jose Pablo Arriagak. Bere pentsamoldea aurkezten du eskulturetan, eta bakoitzak gogoeta egitera gonbidatzen du. Naturaren elementu oinarrizkoen bitartez sentimenduak helaraztea da bere filosofiaren muina.
Lantzeko estilo berria
Aitaren eta anaiaren bide beretik, 19 urtegaz hasi zen martxan Henrike Arriaga. Marrazketa lineala ikasi, eta zizelkatzen hasi zen, eta aita gainean eduki du hiru urtean, irakasten. Dagoeneko zortzi urte daroaz artisautzan, eta kutxak osorik egiten ditu, hasi eta amaitu. Horretaz gainera, armairu eta tiraderak lantzen ditu. Antzinako erari jarraituta zizelkatzeko estilo fina da bere ezaugarria.
Hirugarren belaunaldiak, aurrekoa ahaztu barik, aro berri bati ateak zabaldu dizkio, eta 75. urteurrenean aitonak eta aitak hasitakoa gogoratu eta aurrera begira daudela ospatu dute.
Hainbat lagun batu ziren Arriagatarren dendan artisau familiari Zorionak abesteko.
eider mugartegi
http://markina-xemein.hitza.info/paperekoa/2009-04-04/p00006009/Arriagatarren_arbola.htm

NOTICIAS /