Haserre daude, baina ez dute istilurik nahi. Besterik gabe, beraien haserrea azaldu nahi dute. Eta, hortik abiatuta, irtenbideak bilatu. Euskal Herriko artisautzaren oraina eta geroa argituko dituen bidea topatu. Horretarako, Haserre nago!! ekimeneko kideek euren ezagutza eta euren eskuak erabili dituzte. Salatzeko, sumina ezagutarazteko. Baina petraldu gabe, noski.
Eñaut Mitxelena.
Esku pilotan aritzeko pilota karratua? Zabaldu ezin daitekeen egurrezko kutxa? Zuloz jositako kaikua? Erotu egin al dira halako piezak egiten dituzten artisauak? Ez, noski. Artisautzak Euskal Herrian bizi duen egoerarekin nazkatuta daude, haserre. Haserre hori ezagutarazi eta gizarteratzeko egin dituzte objektuok 35 artisau profesionalek, eta erakusketa ibiltari batean paratu. Iazko abendutik batetik bestera darabilte Haserre nago!! izeneko erakusketa, euren haserrea agertzearekin batera artisautzaren egoeraren inguruan gogoeta bultzatzeko xedearekin.
35 artisauk osatu dute Haserre nago!! ekimena, eta beste hainbeste lan atondu dituzte erakusketarako. Zentzurik gabeko piezak dira, artisau lanen berezko funtzionalitateari muzin egiten diotenak. Agerian, ustez ezertarako balio ez dutenak. Baina salaketa garbia plazaratzen dutenak. “Halako piezak ikusita, zerbait ez dagoela ondo sumatu dezake jendeak”, diosku Jose Pablo Arriaga zurgin markinarrak. Euskal Herriko artisautza da eri, ez dabil ondo. “Finean, eskulangileok bizi dugun egoeraz ohartarazi nahi dugu jendea†, azaldu digu ekimenean parte hartzen duen beste artisau batek, Bernat Vidal harginak. Hiltzen ari da artisautza Euskal Herrian, eta egoerari buelta emango dion zantzurik ez dago. Egoeraren aurrean erreakziorik ez dute nabari, ez erakundeetan, ez gizartean, ezta artisauen artean ere. Eta horrek sumindu ditu. Jose Pablok zehaztu digunez, “hau guztia eztabaida sortzeko da, egoerari konponbidea emango dion eztabaida sortzeko. Guk ez dakigu irtenbidea zein den, ez dakigu zer egin hau guztia berpizteko. Argi dugun gauza bakarra da denok bildu behar garela, bai erakundeak eta bai gu, eta gainera artisau guztiak batu behar garela. Hortik irten ahal da irtenbidea†. Alta, ez dira laguntza eske ari. Ekimenaren aurkezpen idatzian ipintzen duen moduan, “aintzat har gaitzaten nahi dugu, baina batez ere, errespeta gaitzaten. Asmoa ez da gu bizirauten laguntzea, bizi nahi dugu†.
Erakundeei deia
Helburu zehatzak ditu, hortaz, erakusketak. Batetik, erakundeei arreta gehiago eskatu nahi die. “Sekulakoa da: hain herrialde txikia izanik ere, lurralde bakoitzean ikuspegi desberdinarekin eta irizpide desberdinekin jorratzen dute artisautza erakundeek”, dio Bernatek. Euskal Autonomia Erkidegoan Diputazioek dute artisautza arautzeko eskumena; Nafarroan, aldiz, Nafarroako Gobernuak; eta Iparraldean, “Lanbide Ganberak zentralizatzen du dena”. Gainera, lurralde bakoitzean sail desberdinen menpe dago artisautzaren kudeaketa: Araban Kultura sailaren barne, Bizkaian Berrikuntza eta Ekonomia Sustapeneko sailaren menpe,… Ikuspuntu eta irizpide ugariek nahaste-borraste itzela eragiten dute, artisauaren egoera lurraldearen arabera asko aldatzen baita. Bernaten hitzetan, “artisaua zer den definitzeko ere ez dago irizpide finkorik, eta horrek ere arazo asko sortzen ditu. Ez dago definizio zehatzik, ezta gauzei neurria hartzeko marko onik ere, eta azkenean, denak balio du”. Nahas-mahas horrek erakusten du, hein batean behintzat, erakundeek artisautzari eskaintzen dioten arreta eskasa eta sektoreaz duten ezagutza urria. “Ez diote jaramonik egiten ia” dio Bernatek, eta azpimarratzen du laguntzak ere oso eskasak direla, baita kasu askotan zaharkituak daudela ere. Bernaten aburuz, “erakundeentzat, gu eta txakurraren bibolina, gauza bera. Eta, gainera, artisauok ez diegu inolako arazorik sortzen”.
Hain juxtu, artisauen sektorearekin, euren buruarekin, ere haserre daude erakusketako partaideak. “Sektorea hiltzen ari da, eta ez gara erreakzionatzeko gauza”, azaldu digu Bernatek: “Ez dugu mahai gainean ukabilkada bat jotzeko gaitasunik, sektoreak ez du batzeko eta “hementxe gaude!” esateko gaitasunik. Egia esan, sektorea ez da existitzen: jendea sakabanatuta dago, eta ez du ezer plazaratzeko joera handirik. Izan ere, hori da artisautzako asoziazionismoaren errealitate tristea: artisauen interesak defendatzea helburu duen elkarterik ez dago, ez dago elkartzeko ohiturarik. Hots, bere kasa dabilen pertsona bakartia da artisaua”. Batasunerako joera gutxi dute, eta horren adibide da Euskal Herriko artisau elkarteen anabasa: Bizkaian bi daude, Gipuzkoan beste pare bat, Euskal Herri osoko beste bat,… Halako sakabanaketak mesede gutxi dakarkio sektoreari, interes komunen gainetik interes partikularrak gailentzen baitira.
Hezkuntzaren beharra
Sektorearekiko haserrea ez da artisauen talde kontzientzia murritzera mugatzen. Ogibide tradizionalak izaki, egungo merkatura egokitzeko beharra ezinbestekotzat dute: “Badakigu aro berrira egokitu behar ditugula gure lanbide tradizionalak; pieza berriak sortu behar ditugu balore berriei egokituak, hala estetikoak nola funtzionalak”. Baina jakin badakite ardura guztia ez dela eurena soilik, eta hala, ekimenaren bitartez gizartean gogoeta piztu nahi dute. “Askotan, artisautza lanak apaingarri gisa ikusten dira, besterik gabe; ez dugu baloratzen artisautzaren garrantzia”, dio Jose Pablok. Alegia, artisautza gure kulturaren ondarea eta gure izanaren arrasto bizia da, nahiz eta askok eta askok hori ez ikusi: “Euskara Euskal Herriarentzat garrantzitsua den bezala, Euskal Herriko artisautza ere bada, gure sustraiak hor daudelako. Eta ezin daiteke laga horrela hiltzen”. Horrenbestez, Jose Pabloren aburuz, heziketa beharrezkoa da: “Erakundeek informazioa eman beharko liokete jendeari, zeintzuk diren gure benetako sustraiak azaltzeko eta artisautzaren benetako garrantzia erakusteko”. Bestela Euskal Herriko artisautza tradizionalak gutxi iraungo duela deritzo. Bere hitzetan, “egun artisautzak iraungo badu burugogorrak garelako izango da. Egoskorrak bagara, gure belaunaldiak irauten duen bitartean bizirik iraungo du. Baina ez dago erreleburik…”.
Jose Pablo izan zen, hain juxtu, Haserre nago!! ekimenaren zurrunbiloari hasiera eman ziona, iazko abenduan, Durangoko Euskal Dendan, eskulangintza azokan. Desitxuratutako kutxa bat jarri zuen bere standean, Haserre nago!! leloarekin batera, bere haserrearen eta horren arrazoien berri emateko. Arrakasta izan zuen standak, jende asko erakarri eta eztabaida ere sortu zuelako. Hala, beste zenbait artisau batu zitzaizkion ekimenari, eta Arbaso Euskal Herriko Eskulangileen Elkarteak ere laguntza eskaini zion, nahiz eta ekimena inolako siglapean ez egin. Eta ordudanik hainbat lekutan izan da: Laudio, Bilbo, Portugalete, Markina-Xemein… Azaroan, ostera, Errenterian izango da, eta abenduaren 5etik 9ra Durangoko 12. Euskal Dendan. Hurrengo urtean ere beste zenbait erakusketa egingo dituzte, besteak beste Gasteizen. “Nafarroan eta Iparraldean egitea ere gustatuko litzaiguke”, zehaztu digu Bernatek. Erakusketaren arrakastak, halaber, beste bide batzuk irekiko ditu, antza. Izan ere, liburu bat eta film labur bat egiteko asmoa dute.
Erakusketaren oihartzuna uste baino zabalagoa izan da, eta agian izango du ondoriorik. Uste horretakoa da behintzat Jose Pablo: “Erakusketaren bitartez arazoa bideratuko dugulakoan nago. Ez diot irtenbideak topatuko ditugunik, baina ziur zer edo zer egiten saiatuko garela. Eztabaidarako tarte bat hartzen badugu, agian zerbait aterako dugu. Asko gustatuko litzaidake hurrengo erakusketarako atera beharreko kamisetetan “Eskerrik asko!!” jarriko balu”.
Erakusketako hainbat pieza
Ahots entzungorrak
“Artisauak ageri dira irudikatuta munduari garrasi egiten haien egoera tamalgarriaren berri emateko; mezua jendearengana helarazten saiatzeko; hemen daudela, kultura direla, euren herriko eta arbasoen kultura direla esateko; iraganeko oroitzapena direla, ez ahanzteko beharrezkoak direla adierazteko,… Bizitza osoa eman zezaketen garrasika, baina inork ez du entzuten, inork ez du kasu egiten, espazioan galtzen diren ahots entzungorrak dira, eta, beraz, sekula ez dute erantzunik izango. Ez da bidezkoa, denok dugu eskubidea entzun gaitzaten, eta oraingoan, beraien ahotsak entzun ez arren, euren obrak entzungo ditugu, asko dute-eta esateko”.
Pilota karratua
Erakusketako piezarik erakusgarrienetakoa dugu honakoa, erakusketaren funtsa ederki ulertarazten duena. Izan ere, inolako etorkizunik ba al du pilota karratu batek frontoian? “Pilota karratua: zoramena, artea edo bere sormena askatzen ari den artisau bat baino ez”.
Kaiku, bai kaikua
“Kaikua = Buru hutsa.
Nahiz eta asko esan, ez da ezer “kaikuan†gelditzen. Lehenago edo geroago dena galdu egiten da”.
Artea edo artisautza?
“Bizitza bera dikotomiaz eta dualtasunez beterik dago, eta lan honek horixe erakusten du: objektu erabilgarria izatea eta, era berean, ezertarako balio ez duena; izan ere, material ezegokiaz eginda dago eta, beraz, gogoeta egin eta behatzeko14 baino ez du balio. Erabiliz gero, apurtu egingo litzateke, paper hauskorraz eginda baitago berez likidoak edukitzeko den pieza hau. Halaber, daukan kolore monotono eta soilak artisautzaren gaur egungo egoera islatzen du. Materiala, ordea, beste testuinguruan kokatuz gero eta beste erabilera bat emanez gero, oso gogorra izan daiteke; artisautzan ere antzera gertatzen da, egoerari eusteko eta bizirauteko borrokatzeko gogoa baitugu”.
Beteta
Hondorik gabeko pitxerra15 dugu Beteta izeneko pieza. Artistaren azalpenari begiratuta, honako hau dio pasarte batean: “Ez dugu pitxerrik behar, ezta egurrik ere, ezta olibondorik ere, ez dugu artisaurik behar. Ez dugu lanbidedun jenderik behar: pieza bakarrak egiten dituenik, eduki hezgarriak dituztenak eskaintzen dituenik, erabilgarria izatea baino gehiago dakarren gauzarik”.
Eskuak
Hari mehez lotuta dauden artisau-eskuak irudikatzen dituen pieza: “Bizirik irauteko beharrak lotuta. Gure arteko elkartasun ezak lotuta. Folklorearen beste zati baten moduan hartzen gaituen gizarte batek lotuta. Gure erakundeen aldetik Artisautzaren sustapen ezak lotuta. Gure Kulturaren zati den gure lanaren gutxiespenak lotuta. Bidegabeko merkataritzak lotuta. Egunero gehiago lotzen dizkigute eskuak, baina guk geure lana egiten jarraitzen dugu, hori egiteko bi atzamar aske uzten dizkiguten bitartean.
Noiz arte?
Haserre al nago? Haserre al nago? Bai, baina batez ere minduta nago”.
|