| Kultura Gabon Zaharra era berezi batean bizi izan zuen Arriagak; kanpandorre barruan, bere behar berria dagoen lekuan, entzun zituen kanpaiak familia eta lagunekin.Hamabi kanpai zoriontsu bizitzeko, Jose Pablo Arriagaren (Markina-Xemein, 1969) azken beharra da. Gabon Zahar Egunean inauguratu zuen, hamabi kanpaiekin batera, eta otsailaren 3ra arte egongo da zabalik Markina-Xemeingo Erdiko kaleko kanpandorrean, 10:00etatik 21:00etara.Hamabi kanpai zoriontsu bizitzeko. Zelan bururatu zaizu erakusketa hori egitea?Lehenengo eta behin, lekua ikusi nuen. Magia berezia dauka, eta gainera herritarrak konturatu ere egiten ez diren tokia da. Jendeak ez daki non dagoen Markina-Xemeinen kanpandorrea. Niri, ostera, asko gustatzen zait tokia. Bilduma bat nenbilen egiten koadro zuriena, eta toki berezi bat topatu nahi nuen beraientzat. Hamabi koadro egitea pentsatu nuen, eta hamabi kanpaiak jo ostean inauguratzea gauza polita izango litzatekeela. Eta horixe egin nuen. Udalak tokia jarri zuen, eta nik atondu.Kirmen Uribek ere parte hartu du zure proiektuan…
Berarengana jo nuen esku artean nuen proiektua azaltzeko. Tailerrera etorri zen, eta erakutsi nion eginda nuena. Pila bat gustatu zitzaion. Polita da, koadro bakoitzak zerbait positiboa duelako. Nik koadro bakoitza azaldu nion, bakoitzagaz adierazi nahi nuena. Eta beregain geratu zen izena ipintzea eta azalpena egitea, olerki bidez. Beste egun batean geratu ginen, eta etxeko lanak eginda etorri zen, eta asko gustatu zitzaidan; oso polita geratu da emaitza.
Lehendik eginda zenuen beharra Uribegaz?
Ez, lehenengo bider izan da; poeta bategaz beharra egin dudan lehenengo aldia izan da gainera. Errespetu handiagaz jokatu du, eta ulertu egin du nire lana. Ez da behartutako ezer izan, eta horixe da polita. Aurrerantzean, elkarregaz proiektuak aurrera eroateko asmoa daukagu. Gozamena izan da.
Urtea hasteko era berezia aukeratu zenuen…
Horixe zen nire nahia. Zerbait berezia egin nahi nuen Gabon Zahar Egunean. Garrantzia eman nahi nion kanpandorreari, eta kanpaiak zuzenean entzun. Telebistan ikusi beharrean, kanpandorre barrutik entzun genituen. Kanpaiak bihotz barruan sentitu genituen; benetan berezia izan zen.
Beste berezitasun bat ere eduki zuen gauak…
Kanpandorreko erlojua zazpi minutu aurreratuta dago, eta beraz, lehenak izan ginen urte berria ospatzen. Lagun batzuk gainera, berandu iritsi ziren. Hiru minutu falta ziren hamabiak jotzeko, eta gu ospatzen geunden urte berria.
Koadro zuriak aukeratu dituzu. Zergatik?
Niretzako koadroak dira, ez eskulturak. Azken batean, egin nahi dudana da, paper zuria erabili beharrean, eta nik egin gerizpeak edo argazki muntaiaren bat, egin nahi dudana da hirugarren dimentsioak sortzen duen gerizpea azaldu. Argiagaz jolastu nahi dut. Egiten dudana da hirugarren dimentsioak egiten duen gerizpea koadro zurian azaldu.
Bizipenak kontatzen dituzu hamabi lanetan.
Belaki antzekoak gara artistok. Gure inguruan ikusten duguna barneratu, eta gero gure erara kanporatzen dugu. Hori egiten dut koadro guztiekin. Istorio indartsuak dira: eutsi, aurrera segitu, eutsi…. Horregatik dira hamabi kanpai; hamabi arrazoi aurrera jarraitzeko, zoriontsu bizitzeko.
Batzuk Gabonetan triste egoten dira; zu, indarra ematen…
Ni neu ere triste egoten naiz Gabonetan. Baina hamabi koadro horiek, arrazoi horiek, lagundu egiten didate indartsua izaten.
|